Ekainaren 12an abian jarri genuen Koi Sushi jatetxearen (García Castañón kalea) aurkako borrokaldia, banatzaileetako batek, Miguel, hainbat bidegabekeria salatu ondoren, hala nola, kobratu gabeko ordu-estrak, kontratu-irregulartasunak, atsedenerako aukerarik ez edota oporrak ukatu izana. Enpresari Migueli zegokionaren arabera kontratua erregulatzea proposatu zitzaion, errealitatean ziren lan orduekin bat egin eta opor zein atseden egunak errespetatzeko helburuarekin. Emandako epea bukatu bezain laister, mobilizazioak martxan jarri ziren.
Enpresaren erantzuna Miguelen aurkako etsaitasun giroa eratzea izan zen, jazarriz, hari ez zegozkion lanak aginduz... Azkenean, egun batzuen buruan Miguel hitzez kaleratua izan zen, baina, ez zuten kaleratze hori sinatzerik nahi, mehatxu gisa, hauen helburua lan egindako baino ordu gutxiago biltzen zituen kontratua sinaraztea baitzen. Gertakari hauen ostean eta egoera ikusita, langileak ez zuen bere lanpostua berreskuratu nahi eta han hasi zenetik ordaindu gabeko ordu-estren guztirakoa, kitatze-agiria eta kaleratzearen indemnizazioa kobratzeko borroka hasi genuen.
Mobilizazioez betetako hilabete eta erdi geroago, gaur egun Koi Sushik langileari zor zion dirua ordaindu duela esan dezakegu azkenean. Langileon Autodefentsa Saretik gure interesak defendatzeko modu bakarra modu kolektiboa dela ulertzen dugu, gaurko honetan erakutsi dugun bezala, eta honetan jarraituko dugu. Azkenenik, borroka honetan parte hartu duten pertsona zein kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Sarea ehuntzen jarraituko dugu, guztion elkarlanaz eta klase-elkartasunaz baliatuz.
Hik bakarrik ezin. Elkarlanean aitzin
Langileon Autodefentsa Sarea