2018ko uda:
Iker eta Erika, Bar Beerlineko bi lankide, Iruñerriko Langile Autodefentsa Sarera jo zuten hainbat bidegabekeria salatzeko.
''Taberna maiatzean ireki zenetik ekainaren 18ra bitarte, bi zerbitzariek kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe egin zuten lan. Egun horretatik aurrera baino ez zitzaien kontratua egin, beti ere langileen eskariz, nagusien borondaterik gabe.
Langile Autodefentsa Sarearen bidez langileei zor zitzaien dirua eskatu eta gero, enpresa langileen izena zikintzen eta borroka izorratzen saiatu zen, eta aldi berean bietako bati lapurreta bat egitea leporatu eta salaketa jarri zion. Azken auzi hori lokalean dauden segurtasun kameren grabaketak begiratuz errazki argitu zitekeen, baina ez zen horrela egin. Hau guztia gutxi balitz, enpresako nagusiak eta euren lagunak bai langileak bai Autodefentsa Sarea iraintzen aritu ziren, sare sozialen bidez zein ostatuaren aurrean egindako piketeetan.
Baina horrek guztiak gutxirako balio izan diela argi geratu da, eta elkarren arteko laguntza eta klase elkartasuna nagusitu egin dira. Gaur gaurkoz, langileei zor zieten guztia ordaindu dute, eta salaketak erretiratze bidean daude. Azkenik, langileenganako elkartasun mobilizazioetan parte hartu duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, baita Sarrigurengo auzokideei ere. Zuen laguntzarik gabe garaipen hau ez zen posible izanen. Sarea ehotzen darraigu.
Hik bakarrik ezin, elkarrekin aitzin!
2018ko irailaren 5an
Langileon Autodefentsa Sarea
''